XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitz horietaz harriturik, haren ekintzagatik eskerrak eman, eta esan nion: Neure anaien galera ezin dut ametitu.

Gero beraiekin gertatutako guztia kondatu nion, hasieratik amaieraraino, eta esan zidan orduan: Gaur gauean gidatzen dituen untziraino hegaz egingo dut, eta untzia iraul eraziko dut hil daitezen.

Nik ihardetsi nuen: Hala Allah zure gainetikan! Ez ezazu hori egin, Atsotitzen maisuak dioenaz oroit zaitez: O zu, gaizkilearenganako urrikalgarri hori!.

Pentsa ezazu nahiko zigor dela kriminalarentzat bere bidegabekeria bera, eta gainera, nire anaiak direla kontutan har ezazu.

Baina hark ekin zion: Erremediorik gabe hil behar ditut.

Eta alferrikan haien barkamena otoitz egin nion.

Gero hegan egiteari eman zion bere lepoan ni eramanez eta nire etxearen azotean utzi ninduen.

Etxeko ateak ireki eta gordelekutik hirur mila dinarrak atera nituen.

Gero neure denda ireki eta beharrezko ikustaldi eta ohizko agurrak egin ezkero, jenero berriak erosi nituen.

Gaua helduta, denda itxi, eta neure geletan sartzean bi erbitxakur hauek, bazter batetan loturik zeudenak, aurkitu nituen.

Ni ikusiz jaiki, negarrari eman eta nire janzkiei atxeki zitzaizkien.

Orduan nire emakumea etorri, eta esan zidan: Zure anaiak dira.

Eta nik esan nion: Zeinek aldatu ditu itxuraz? Eta hark erantzun zuen: Nik neuk.

Erregetu diot neure arrebari, sorginkeriazko gauzetan ni baino trebeagoa, egoera horretan jar litzan.

Hamar urtez iraunduko dute hala.

Horregatik, o efrit ahalguztidun hori! hemen ikusten nauzu, neure koinataren bila, haiek desorgintzea suplikatu nahi izango niokeena, hamar urteak iraganik doaz-eta.

Hona heltzean gizon zintzo honekin topo egin nuen, eta haren abenturaz jabetu nintzenean zu eta haren artean gertatuko zena jakin arte ez nuen joan nahi izan.

Eta hau da nire ipuina.